Salta al contenido principal
Requisitos de finalización
Ver

Lehen mailako balorazioa pazientearen zainketaren lehen minutuetan egiten da. Bere helburua bizitza berehala konprometitzen duten egoerak identifikatzea eta zuzentzea da.

X-A-B-C-D-E akronimoaren ordenari jarraitzen zaio.

X - Hemorragi masiboa: Odoljario masiboaren kontrola

X letra A-ren aurretik jartzen da, hemorragia masibo batek pazientea minutu gutxitan hil dezakeelako, baita aire-bidea ziurtatu baino lehen ere. Berehalako kontrola prioritarioa da.

Zer ebaluatzen da?

  • Bolumen handiko hemorragia aktibo ikusgarria egotea.

  • Odoljarioaren kokapena eta izaera (arteriala, zainetakoa, kapilarra).

Kontrol-neurriak

  • Zuzeneko presioa zauriaren gainean.

  • Hemostasia benda konpresiboekin edo agente hemostatikoekin.

  • Identifikatu beharreko hemorragia motak: arteriala (odol gorri argia, bihotz taupadekin batera irtetzen dena), kapilarra (motela eta iluna), zainetakoa (jarraitua eta iluna); baita otorragia (belarriko odoljarioa) eta epistaxia (sudurreko odoljarioa) ere.

A - Aire-bidea iragazkorra al da?

Helburua pazienteak arnastu dezakeela bermatzea da. Aire-bidea butxatua badago, esku-hartzeak berehalakoa izan behar du.

Nola ebaluatzen da?

  • I-E-S (VOS): Ikusi (bularraren mugimenduak), Entzun (aire irteera eta sarrera), Sentitu (aire fluxua masailean edo eskuz).

  • Pazienteari hitz egin dezakeen galdetu (behar bezala erantzuten badu, aire-bidea iragazkorra da).

Aire-bidea EZ bada iragazkorra - esku-hartzeak:

  • Bekoki-kokots maniobra (trakzio mandibularra edo subluxazio mandibularra zerbikaleko lesio susmoa badago, beti profesionalen eskutik).

  • Guedel hodia edo sudur-faringeako hodia.

  • Laringe-maskara (gailu supraglotikoa).

  • IOT: Intubazio Orotrakeala. 

B - Arnasketa

Aireztapenaren eraginkortasuna ebaluatzen da. Aire-bide iragazkor batek ez du bermatzen arnasketa egoki bat.

Zer ebaluatzen da?

  • Oxigeno saturazioa: pultsioximetro bidez. Balio normala: 95-100%. Hipoxemia <95% bada.

  • Zeinuak eta sintomak: disnea, muskulu osagarrien erabilera, ezohiko arnas hotsak (sibilantziak, ronkusa, krepitatzaileak...), zianosia, Biot (ataxikoa), Kussmaul edo Cheyne-Stokes bezalako arnas patroien agerpena.

  • Arnas maiztasuna (FR) eta patroia: eupnea (12-20 rpm), takipnea (>20 rpm), bradipnea (<12 rpm), gasping (arnas agonikoa, irregularra).

C - Zirkulazioa

Pazientearen egoera hemodinamikoa ebaluatzen du. Shok-a edo konpromiso zirkulatorioaren zeinuak bilatzen dira.

Zer ebaluatzen da?

  • Zianosia: ezpain, azazkal edo azaleko kolore urdinxka (ehun-hipoxiaren zeinua).

  • Betetze kapilarra: normala <2 segundo. >2 segundo hipoperfusioa adierazten du.

  • Tentsio arteriala (TA): normala 100-140/60-90 mmHg. 
  • Pultsu femorala, radiala, pedioa edo karotideoa baloratu.
  • Bihotz-maiztasuna (FC): normala 50-100 lpm. Takikardia (>100 lpm), bradikardia (<50 lpm), arritmiak.
  • Hemorragia gehigarriak: arteriala, kapilarra, zainetakoa, otorragia (belarriko odoljarioa), epistaxia (sudurreko odoljarioa).

D - Defizit neurologikoa

Pazientearen kontzientzia maila eta egoera neurologikoa ebaluatzen da.

Ebaluazio-tresnak:

  • Glasgow Eskala (GCS): begien irekiera (1-4), ahozko erantzuna (1-5) eta erantzun motorea (1-6) baloratzen ditu. Guztira: 3-15 puntu. Normala: 15. Larria: ≤8.

  • AVDI / AVDN: Alerta, Verbal (ahozko estimuluei erantzuten die), Dolor (minari erantzuten dio), Inconsciente (ez du erantzuten).

  • Pupilak: miosia (txikiak, adibidez, opioideen intoxikazioetan), midriasia (dilatatuak, adibidez, hipoxia eta garuneko heriotza kasuetan), anisokoria (asimetrikoak, lesio neurologiko larriak adierazten dute).

  • Jarrera patologikoak: dekortikazioa (lesio kortikala, besoak flexionatuta) eta dezerebrazioa (garun enborreko lesioa, gorputz-adarren luzapena, pronostiko txarragoa).

  • Gluzemia kapilarra: kontzientzia mailaren alterazioaren arrazoi gisa hipogluzemia baztertzeko (normala: 70-110 mg/dL).

E - Exposizioa / Esplorazioa

Pazientea erabat agerian uzten da ezkutuko lesioak bilatzeko, betiere intimitatea babestuz eta hipotermia saihestuz.

Zer ebaluatzen da?

  • Gorputz-tenperatura: hipotermia (<35°C), febrikula (37,1-38°C), sukarra (>38 °C), hipertermia (>40°C).

  • Manta termikoa (bero edo hotz, beharraren arabera): hipotermia saihesteko edo bero-kolpeetan hozteko erabiltzen da.

Hurrengo zereginera pasatzeko botoia 60 segundotan agertuko da...